Urtebete pasa da Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok eta Donostiako alkate Odon Elorzak koordinazio-hitzarmen bat egin zutela Donostia eta Pasaia bidegorri batez eta oinezkoen pasealeku baten bidez lotzeko. Une honetan, buruturik dago Pasaiako zatia bulebar bihurtzeko, hau da bidegorria eta oinezkoentzako toki zabalagoa, lanen lehen fasea. Aurreikusita dagoenez, azkenean Pasai Antxon zehar, autoentzako errail bana zentzu bakoitzean geratuko da.
Baina zer gertatzen da Buenabista eta Herrera artean?. Orain daukaguna da hiri barruko autobide bat, lau errailekoa, denak autoentzat, ezinezkoa egiten duena txirrindulariak eta oinezkoak behar bezalako segurtasunez bertatik mugitu ahal izatea. Eta inon ez dugu argitaraturik ikusi zati horri irtenbidea ematen dion proiekturik, eta are gutxiago gauzatzeko data konkreturik.
Eta zer Herrera eta Ategorrietako bidegorriaren artean? Entzun, bai entzuten dira zurrumurruak, baina denbora badoa eta ez dago proiektu zehatzik; hitzak bakarrik.
Pasaiako saihesbidea eta Trintxerpeko irteera Irungo norabidean buruturik dauden honetan, bada garaia txirrindularientzako eta oinezkoentzako azpiegiturak exijitzeko, neurri gabeko trafikoaren ondorio txar guztiak jasaten ohituegiak baitaude auzo horiek. Bada garaia hirien artean egunero erabiltzeko garraiobide segurua, sostengagarria eta osasungarria den bizikletari tokia egingo dioten ardatzak antolatzeko.
Ez ditugu ahaztu nahi Donostia eta inguruko herrien arteko komunikazioa bideratzeko beharrezkoak diren beste bidegorriak, eta horregatik proiektuak, egutegiak eta aurrekontuak ikusi nahi ditugu lehenbailehen Pasaia-Donostia, Lasarte-Donostia eta Hernani-Donostia ardatzetarako.