Donostialdea
   TOKIA: Euskara/ DONOSTIALDEA/ Berriak/    
Castellano  Euskara 
 


 


Nor Gara
Kontaktatu
Berriak
Prentsa Oharrak
Proposamenak
Argazkiak
Ekimenak

letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

 LANERA BIZIKLETAN JOATEKO GONBITA. HAINBAT SINDIKATUK BAT EGIN DUTE KALAPIEREKIN 'LANERA BIZIKLETA' MANIFESTUA SUSTATZEKO


HITZA. 2009/10/31

 

Hainbat sindikatuk bat egin dute Kalapierekin 'Lanera bizikleta' manifestua sustatzeko

 

m.a.

 

Trajea soinean duela bidegorrian barrena doan gizona ez da irudi arrotza. Janzkeraren agerikotasunik gabe ere geroz eta gehiago dira bi gurpilei eraginez lantokira doazenak. Horien kopurua handitzeko helburuz, CC.OO, ELA, ESK, LAB, STEE-EILAS eta UGT sindikatuek, Kalapierekin batera, Lanera bizikletan manifestua ezagutzera eman zuten atzo Koldo Mitxelena Kulturunean.

Lekualdaketa gehienak lan kontuengatik egiten direla jakinda, bidaia horiek autoan egin ordez, oinez, garraio publikoa edo bizikleta gainean egiteak eragingo lituzkeen onurak zerrendatu dituzte idatzian. Auto zirkulazio eta ingurugiro arazoei irtenbide eraginkorra eta ekologikoa emateaz gain, bizikleta erabiltzeak dituen hainbat onura nabarmendu zituzten: absentismoa murriztu, puntualtasuna eta osasuna hobetu edota enpresari irudi ona ematea, esaterako.

Azpiegituren beharra

Sindikatuek, bestalde, euren ekintzaren bidez, azpiegitura seguru eta erosoak sortzeko eta garraiobide iraunkorrak sustatzeko konpromisoa hartu zuten. ESK sindikatuko Kepa Olaizek, agintariek poligono berriak eraikitzean jendea bertara nola joango den kontuan hartzen ez dutela eta zerbitzurik aurreikusten ez dutela ohartarazi zuen.

CC.OOko Jesus Uzkudunek aldiz, Mugikortasun Lege baten beharra nabarmendu zuen. «Enpresek aparkalekuetan leku eta diru asko gastatu behar izaten dute. Bizikletekin horiek murrizten dira». Inbertsio horiek bizikletarako aparkalekuak eta bideak jartzeko baliatzea eskatu zuten. Dena den, azpiegitura seguru eta erosoak falta badira ere, zailtasun nagusia ohitura falta dela uste du Kalapieko Gurutz Intxaurburuk. Hala ere, «lehenik, azpiegiturak behar dira; gero ohitura gutxika aldatzen joango da», gogoratu zuen.

 

---

 

«Osasunerako ona da eta pozik iristen zara lantokira»

 

gurutz intxaurburu ð- Kalapieko presidentea

m.a.

 

Ondo ezagutzen ditu bizikletan lanera joatearen abantailak, bost urte baitaramatza, hiriko bidegorriak baliatuz, lantokira joaten. Zarautzen bizi zela ohitu zen. Ohitura aldaketa eskatzen badu ere, abantailak nagusi direla uste du.



Zeintzuk dira bizikletan lantokira joatearen onurak?

Asko dira. Ez zara estresatzen, ez duzu auto zirkulazioarengatik arazorik izaten, eta ondorioz, ez zara inoiz berandu iristen. Bestalde, osasunerako ona da eta pozik iristen zara lantokira.



Desabantailaren bat ere izango du , ezta? Izerdia, esaterako.

Izerdia arazo ez izatea erraza da. Zenbat ibili behar duzun aintzat hartuta, poliki joateko denbora nahikoa hartzea. Nik zortea dut, nire bulegoa dudanez, hor beti arropa izaten baitut.



Euria ere oztopo da. Hirian asko egiten du eta jendeak beste garraiobide batzuk aukeratzen ditu...

Bai, baina jendea motorrean ibiltzen da, eta arazoa bera da. Horrek ere irtenbide erraza du: ondo prestatu behar zara.



Zeintzuk dira bizikletan ibiltzen zaretenek dituzuen eragozpenak?

Azpiegituren aldekoak dira nagusiki. Askotan bidegorriak paseorako edo jolas moduan eraikitzen direla dirudi, garraio moduan pentsatu beharrean. Bizikleta erabiltzea zenbait tokitan arriskutsua da, biderik ez dagoelako edo ondo egina ez dagoelako. Gainera, bide batzuk oso luzeak dira. Amaratik Antiguara joateko, esaterako, ordu erdi behar duzu. Semaforo ugari, koska eta oztopo asko daudelako. Debekatuta badago ere, errepidea bide laburragoa da.




Hasiera | Kontaktua | Orria Gomendatu | Hasierako orri gisa jarri | Web-aren Mapa
www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet Copyright © 2007 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
 
Gobierno Vasco/Eusko Jaurlaritza