Kalapie txirrindularien segurtasunaren aldeko bizikleta martxarekin
Gero eta gehiago gara egunero bizikleta hartzen dugunok lanera, ikastetxera, edo erosketa egitera joateko, eta baita aisiarako, atsedenerako eta naturaz gozatzeko erabiltzen dugunok.
Baina behar beharrezkoa zaigu bide seguruetatik ibili ahal izatea, ibilbideaz gozatuz, hiri barruko nahiz hiri arteko bide zuzen eta erosoez osaturiko bizikletarentzako sare batean.
Guretzat segurtasuna premia larriko gaia da, gure gorputza baita gure babes bakarra; eta oinezkoekin batera, mugikortasunaren kateko mailarik ahulena. Orain dela gutxi Donostiako Udalak eta hainbat gizarte-erakunderen artean sinaturiko Bide Segurtasunaren aldeko Hiri Itunak aitortzen duen bezala “ giza soinaren zaurgarritsuna hartu beharko litzateke zirkulazio-sistema guztiak diseinatzerakoan neurbide gisa. Denak berdin babestu behar dira bide publikoetan, zeren oinezkoak eta motorrik gabeko ibilgailuen erabiltzaileak baitira arrisku eta zauri gehien jasatzen dituztenak, alde handiz”.
Kalapie elkarteak nahiko luke asmo horiek benetan betetzea, eta bitartean, motordun ibilgailuen erabiltzaileek errespeta ditzatela oinezkoak eta txirrindulariak, eta txirrindulariek errespeta ditzatela oinezkoak.
Horregatik, dei egiten diegu gure bazkideei eta oro har bizikletazale guztiei, datorren igandean, uztailak 11, egingo den bizikleta-martxan parte hartzera, besteak beste, oinezko, txirrindulari eta gidari guztien arteko tolerantzia eta bizikidetza indartzeko.